XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hori gertatu zenean, oposizioko diputatuek alde egin zuten Parlamentutik (Aventinoko erretiratzea izenez ezagutu izan da ekintza hau). Orduz geroztik, Parlamentuak Mussoliniri botere guztiak eman zizkion; Italian demokraziaren bidea utzi egin zen eta Estatu totalitario edo faxista bihurtu zen horrela.

Mussolinik botere guztiak bere baitan hartu zituen unetik, praktikan behinik behin honako erakunde politikoak desagertu egin ziren: monarkia, kongresua eta senatua. Hauen lekua Fascioen Ganbara eta Korporazioak eta Faxismoaren Kontseilu Handiak hartu zuten. Erakunde hauek Duceak zuzentzen zituen, bere baitan batzuen botere guztia, bai eta erabakiak hartzeko ahalmena ere. Hori guztia Alderdi Nazional Faxistaren bidez gauzatzen zen. Bi ganbara horiek egituratzen zuten Estatu totalitarioa; beronek herritarrei askatasun oro ukatzen zien eta gauza guztien gune oligarkia bihurtu zuen (alderdiaren mendean zegoen).

Italian izan zitekeen alderdi bakarrak, Alderdi Nazional Faxistak, izugarrizko garrantzia hartu zuen. Egitura militarren bidez zuzendu eta hierarkizatuta zegoen eta erdi-mailako klasekoek, gizarte-ordena eta bakea lortu nahi zuten gizon-emakume haiek, osatzen zuten hasieran. Estatua eta alderdia identifikatu egiten ziren eta kargu publikoak betetzeko behar-beharrezkoa zen alderdiko kide izatea. Alderdiak bi arlo hauetan izan zuen batez ere garrantzia:

- Kontrol ideologikoa: irakaskuntza kontrolatzen zuen, bai eta, fascioen bidez, gazte eta helduen erakundeak eta prentsa eta kultura ere.

- Propaganda: erregimenaren babesean eta biztanleria Estatu totalitarioekin batzeko egiten zen batez ere. Kontrol honen adibide garbienak erabili ziren argazki, eslogan eta intsigniak nahiz egin zituzten hitzaldi eta bilkura jendetsuak dira.

Estatu korporatiboa eta politika ekonomikoa

Faxismoaren lehenengo urteetan, Italian ekonomiaren arloan hazkunde ikaragarria izan zen, ekonomiaren zentralizazioaren ondorioz. 1926tik 1930era bitartean, hots, Estatu korporatibista izan zen urte haietan, dirigismo politikoa sustatu zen; Estatuak gauza guztiak kontrolatzen zituen: produkzioa, inbertsioak, lan-harremanak...

Momentu horretan onura handienak kapitalistek lortu zituzten; aldiz, kalterik handienak jasan zituztenak langileak izan ziren, sindikatuak murriztu baitzitzaizkien eta hauek Estatuak ezartzen zizkien arau batzuek ordeztu baitzituzten.

Italian ere somatu ziren 1929ko krisiaren ondorioak. Estatu faxistak mugak itxiz erantzun zuen, hau da, autarkia ekonomikoa ezarri zuen. Autarkiaren bidez ekonomia modu absolutuan kontrolatu zezaketen eta, halaber, industria garatzeko erakunde estatalak osatu ziren. Baina industrializatutako herrialdeetan sistema autarkikoa bideratzea ezinezkoa zen, Italiak atzerrian saldu eta lehengaiak lortu behar baitzituen. Horregatik, Espainiako Gerra Zibilean honen aldeko agertu zen, eta kolonizatu gabeko zenbait lurralde hartu zuen, besteak beste, Etiopia 1936an.

Matteotti kasua

Matteotti hil zutenean, egunkari bateko editorialean hala agertu zen: Delitu komunetan erruztatua izan den Lehen Ministroa dugu. Ez da munduan horrelako egoera baten aurrean burua makurtuko lukeen beste herrialderik izango. Mussolinik prentsa-askatasuna kendu zuen.

- Hitz egin egunkariko editorialean agertu zen esaldi horren esanahiari buruz.

Faxismoaren oinarri ideologikoen falta keinuen bidez ordeztu zen: agur erromatarra, sinboloak eta buruzagia gurtu beharra.

- Zuzena iruditzen zaizu gizon-emakume batek derrigortuta sindikatu, alderdi edo beste erakunde baten afiliatu beharra izatea, lanpostuari eusteko? Horrelako sistemetan langileek askatasunik ba al dute?

- Lehen Mundu-Gerra amaitzean agertu zen gizarte-eredu ekonomikoa kontuan hartuta, posible al zen ekonomia autarkikoa izatea?

Mussolini garia biltzen.